Debako eta Itziarko korrikalariak Behobia-Donostia lasterketan

Berriketan 2025eko azaroaren 10a

Arg.: Irutxuloko Hitza

Behobia-Donostia lasterketaren 60. aldia jokatu zuten atzo (azaroak 9). Eguraldia lagun, ia 28.000 korrikalarik hartu zuten parte, tartean hamarnaka debarrek eta itziartarrek.

60. aldiz egin zuten atzo goizean Behobiatik Donostiarako lasterketa. Izena emanda zeuden 27.981 lagunetatik 26.981 azaldu ziren Behobiako irteerara, eta ia denek lortu zuten 20 kilometroko ibilbidea osatu eta Boulevardeko helmugara iristea; alegia, 171 partaide bakarrik erretiratu ziren. Ziurrenik, korrika egiteko eguraldi baldintza egokiek izango zuten zerikusirik. Helmugara iritsi zirenetatik 918 deskalifikatu zituzten antolatzaileek.

Beste behin ere, Debako eta Itziarko hamarnaka korrikalarik parte hartu zuten lasterketan. HEMEN ikus ditzakezue debarren sailkapenak, eta esteka honetan itziartarrenak.

Osterantzean, sailkapen orokorrean Raul Celada eta Katherine Tisalema nagusitu ziren lasterketan, 01:01:28ko eta 01:09:34ko denborekin, hurrenez hurren. 

Gizonezkoen txandan, Celadak irabazi zuen horretan, Diego Mentrida iritsi zen bigarren, eta Iraitz Arrospidek —2019ko txapelduna— lortu zuen hirugarren postua. Emakumezkoetan, aldiz, Tisalema gailendu zen, bigarren Noshin Mandoi Kimuge heldu zen eta Maria Varo helmugaratu zen hirugarren postuan. Inoiz baino emakumezko gehiago aritu dira aurten: korrikalari guztien %33,86.