Normalean ez naiz trapu zikinak kaleratzearen aldekoa. Hala ere, kasu honetan, pasa den urriaren 29an eta 30ean Deban niri gertatutako anekdota baten berri ematea gustatuko litzaidake.
Aurreko urriaren 29an, trenean Debara iritsi eta, goizeko 08:00etan bankuan lanera sartu aurretik, eguna energiaz hasteko intentzioarekin goizero egin ohi dudan bezala, hondartza ingurutik pasealdi bat egitera joan nintzen.
Cardenas pasealekutik oinez nindoala, beren autoan zihoazen hirizaintzako bi agenterekin egin nuen topo. Oinezkoentzat egindako pasealekuaren egoera traketsa ikusita, batez ere bertatik puntualki ibiltzen diren autoen eta kamioien eraginez eta neguko denboraldiek urteetan eragiten dituzten triskantzak direla medio, xelebrea iruditu zitzaidan lasaitasuna gailentzen den goizeko ordu horietan oinezkoentzat egindako pasealeku batetik berez herria zaindu eta herritarrentzat eredu izan beharko liratekeen hirizaintza agenteak autoan igarotzen ikustea, eta udaletxean hori zuzena ote zen galdetzea otu zitzaidan.
Printzipioz, kontsulta egin eta ez nion garrantzi gehiagorik eman, hurrengo egunean, urriaren 30ean, ordu berean, berriz ere lanera bidean hotelaren aurretik igarotzen ari nintzela, kasualitateetan sinesten duenarentzat kasualitatez, hirizaintzako agente berberak autoan zuzenean nigana gerturatzen ikusi nituenera arte. Nire aurrean autoa gelditu, jaitsi eta identifikatzeko eta nortasun agiria erakusteko eskatu zidan agenteetako batek. Bere esanetan, agenteen lana oztopatzen saiatzen ari nintzen eta, beraz, pertsona susmagarritzat nindeukaten. Susmagarri izateagatik, gainera, ni katxeatzeko eskubidea zeukala ohartarazi zidan agenteak. Nik, nire aldetik, argi esan nion ez nuela ezer ezkutatzen eta zuzena iruditzen bazitzaion egin zezakeela.
Nahi zituenak eta bi esaten ari zitzaidanez, bere jarrera indiskriminatua, erasotzailea eta guztiz lekuz kanpokoa zela adierazi nion agenteari. Eta orduan berak adierazi zidan bere lana zela ordu horietan pasealekutik solte dabiltzan lau hankatako etxeko animalia arriskutsuak eta beren jabeak kontrolatzea eta "heztea" eta bestelako gaizkileak harrapatzea.
Nire lanpostura bidean nindoala, gertatutakoa sinetsi ezinda, berriz ere udaletxean kontsulta egitea erabaki nuen hirizaintzako agenteen jarrera gaur egun orokorrean horrelakoa ote den jakiteko, nire kasua beharbada agente puntual horrek izan dezakeen beste arazoren batekin lotua egon zitekeen susmoa baineukan.
Goiz osoan zehar egoera "irreal" hori burutik kendu ezinik nenbilenez, lehendabiziko eginbeharra agenteak nortzuk ziren identifikatzea zela bururatu zitzaidan. Beraz, lanean tarte bat eduki nuenean, udaltzaingora gerturatu nintzen informazio hori lortzeko asmoz.
Simon Berasaluze plazako lokalean sartu eta berehala agente berarekin egin nuen topo aurrez aurre. Momentuan nabaritu nion benetan haserre zegoela; esan zidan bazekiela jada beste kexa bat jarri nuela udaletxean (beharbada horrela esango zaio gaur egun kontsulta bat egiteari) eta gogorarazi zidan egiten ari nintzena, bere esanetan, poliziaren lana oztopatzen saiatzea zela, hori oso grabea dela eta ondorio larriak izan ditzakeela niretzat. Gainera, berriz gogorarazi zidan pertsona susmagarritzat hartzen ninduela eta kalean ikusten banau berriz ere identifikatuko eta katxeatuko nauela.
Niri betidanik iruditu zaizkit goraipatzekoak Debako hirizaintza agenteen eta herritarren arteko sintonia, elkarlana, adeitasuna eta orokorrean herrian beti egon den giro bikaina eta pentsatu nahi dut nirea gertaera puntual bat besterik ez dela... Hala ere, nork daki...