Debako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25aren harira

Berriketan 2025eko azaroaren 13a

Azaroaren 25ean ospatuko da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, egun hori ez dadin oharkabean pasatu, tokiko erakundeak ekintza sorta berezia antolatu du. Hitzaldiak, elkarretaratzeak eta antzezpenak izango dira "emakumeen aurkako indarkeria ikusarazteko, salatzeko eta desagerrarazteko".

Hain zuzen ere, gaurko (azaroak 13) antolatu duten hitzaldi batekin emango diote hasiera egitarauari. Nahia Alkorta adituak Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak solasaldia eskainiko du, 18:30ean, Kultur Elkartean. 

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, jarraituko du egitarauak. Elkarretaratzea antolatu dute egun horretarako. Foruen Plazan izango da hitzordua 19:00etan hasita eta, azpimarratu dutenez, "herritar guztiak daude parte-hartzera gonbidatuta eta indarkeria matxistaren gaitzespen irmoa adieraztera".

Azaroaren 30ean emango diote amaiera programari. 18:30ean, Ispiluen Gelan, Beatriz Egizabalek interpretatutako Gregoria: Feminista jaio ala egin egiten da? bakarrizketa izango da.

Dei zabala

Udalak, bere aldetik, antolatutako jardueretan "aktiboki" parte hartzera deitu ditu herritarrak, "emakumeen aurkako edozein indarkeria motaren aurrean elkartasuna erakusteko".

Testuinguru horretan, Alazne Txurruka alkateak ekintza horien garrantzia azpimarratu nahi izan du. 

Alazne Txurruka Debako alkateak ekintza hauen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Emakumeen aurkako indarkeriak errealitate onartezina izaten jarraitzen du, gizarte gisa interpelatzen gaituena. Debatik gure ahotsa altxatzen dugu, argi eta garbi: ez dago lekurik indarkeria matxistarentzat".

Alkateak gogorazi duenez, antolatu duten sentsibilizazio-ekintza eta gogoeta-gune bakoitza, "urrats bat gehiago da gizarte bidezkoago, seguruago eta berdintasunezkoago" baterantz. "Emakume guztiek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu, eta modu kolektiboan egiten dugu, erakundeen eta herritarren konpromisotik abiatuta”.