Urtebete oholtzetatik kanpo egon ondoren, kalean da Neomak taldearen bigarren lana: Lazturak orbain (Airaka, Balaunka). Aurrerapen bezala kaleratutako bi abesti (Inork ez du berdin egiten negar eta Esperantzak) ezagutzen baziren ere, atzo (azaroak 12) eman zuten argitara bederatzi kantuz osatutako lan osoa.
Bilboko Sinsorga kulturgune feministan egin zuten aurkezpena eta bertan azaldutakoaren arabera, "beldurrari begiratzeko modu bat" da diskoan jasotako kantu bakoitza. Taldearen berrantolaketaren ondoren aurkeztu dute lan berria eta, azpimarratu dutenez, "aldaketen aldeko kantua" da.
Bi kide gehiago izango dituzte eurekin batera oholtza gainean: Eider Villalba eta Etxahun Urkizu
Seikote gisa hasi baziren ere, Alaitz Eskudero Unanue musikari debarrak, Leire Etxezarreta Learretak, Irati Gutierrez Artetxek eta Garazi Otaegi Lasartek osatzen dute egun taldea eta, horrekin, etapa berri bati hasiera eman diotela adierazi dute taldekideek.
Aldaketa hori zuzeneko emanaldietan ere igarriko dela esan dute. Izan ere, bi kide gehiago izango dituzte eurekin batera oholtza gainean: Eider Villalba (sinteak eta ahotsa) eta Etxahun Urkizu (perkusioa eta octopad-a). Orain artean kontzertuetan pad bidez txertatu izan dituzte musikaren oinarri elektronikoak, eta orain, berriz, zuzenekoan bertan nahastuko dituzte zati horiek ere. Gaineratu dutenez, "beste energia bat" izango dute zuzenekoek.
Beren estiloari "fidel"
Eurek sortu dituzte disko berriko abestiak eta Alaitz Eskudero musikari debarraren hitzetan, diskoari denbora, espazioa eta mimoa eskaini nahi izan dizkiote. "Sortze prozesua luzea izan da, baina lanak hori eskatzen zuen", azaldu zuen.
Beren sustraietatik ihes egin gabe, folk tradizionalaren neurriak eta erritmoak mantendu dituzte oinarrian
Musikari dagokionez, oraingoan ere beren estiloari "fidel" jarraitu diotela esan dute. Beren sustraietatik ihes egin gabe, folk tradizionalaren neurriak eta erritmoak mantendu dituzte oinarrian, baina soinu berriak "esploratu" nahi izan dituzte. Zehazki, euskal folklorea, melodia poperoak eta elektronikoa uztarturik egin dituzte abestiak eta, horrekin, "beste dimentsio bat" eman nahi izan diote lanari, bai musikalki, baita formatuari dagokionez ere.
Aurkezpen bira
Era berean, aurkezpen birako lehen kontzertuen datak ere iragarri zituzten atzo. Lehena abenduaren 27an izango da, Atarrabiako Aske jaialdian eta urtarrilerako eta otsailerako lotuta dituzten kontzertuen berri ere eman zuten. Urtarrilaren 3an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira; urtarrilaren 6an, Bilboko Arriaga antzokian; urtarrilaren 16an Mungiako Olalde aretoan eta otsailaren 14an, Donibane Lohizuneko Tanka aretoan.
Durangoko Azokan ere izango direla baieztatu dute. Beraz, abenduaren 5etik 8ra jarraitzaileek diskoa erosteko aukera izango dute bertan.