Azken fasean sartu da Debako XIII. Nesken Pala Txapelketa

Berriketan 2025eko azaroaren 12a

Ligaxkako partida guztiak jokatuta, azken txanpan sartu da Nesken Binakako XIII. Pala Txapelketa. Bihar (azaroak 13) eta igandean (azaroak 16) jokatuko dituzte, hurrenez hurren, bigarren eta lehen mailako finalerdiak. 

Astebete besterik ez da falta Debako Nesken Binakako XIII. Pala txapelketa amaitzeko. Urriaren 5ean abiatu zuten Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek antolatutako txapelketa, eta ia hilabete eta erdiko lehiaren ondoren, onenek jarraitzen dute borrokan. Zehazki, maila bakoitzetik launa bikotek jokatuko dituzte finalerdiak.

Txapelketa "ondo" joan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bi mailatan banatuta, hemeretzi bikotek hartu dute parte eta, antolatzaileen esanetan, "oso maila ona" erakutsi dute denek. "Bigarren mailan, esaterako, partida gehienak nahiko berdinduta egon dira ligaxkan. Azken norgehiagokak jokatu arte ez da jakin zeintzuk pasatuko ziren finalerdietara".

Aste honetako lau neurketen ostean, zehaztutako geratuko dira datorren astean txapelaren lehian ariko diren lau bikote finalisten izenak

Lehenengo mailan, berriz, azken txanpara iritsi diren bikoteak lehenago jakin zirela esan dute. "Maila honetan ere neurketa oso onak dira; oso berdinduak kasu askotan. Hala ere, maila honetan lehenago argitu ziren sailkapeneko lehen bikote onenak". 

Ligaxka amaituta, aste honetan jokatuko dira finalerdiak. Ostegunean (azaroak 13), 19:00etatik aurrera, bigarren mailakoen arteko finalerdiak ikusteko aukera izango da eta igandean (azaroak 16), 10:30etik aurrera, berriz, lehenengo mailakoen artekoenak.

Aste honetako lau neurketa horien ostean, beraz, zehaztuta geratuko dira datorren astean txapela lortzeko lehian ariko diren finalisten izenak. Aurreratu dutenez, azaroaren 20an izango dira hirugarren eta laugarren postuak lortzeko norgehiagokak eta azaroaren 22an, berriz, final handia. 

Partida lehiatuak

Antolatzaileek aurreratu dutenez, azken fasean ere "oso partida lehiatuak" izatea espero da. Hala, nahi duten pilotazale guztiei egun horietan Aldats pilotalekura gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek.

Bigarren mailan herriko bikote bat ziurtatuta izango dela azpimarratu dute antolatzaileek

Jakinarazi dutenez, hauexek izango dira finalerdietan ariko diren bikoteak eta ordutegia. Bihar, 19:00etan hasita, Monika Salegi eta Irati Albizu debarrek osatutako bikoteak Onintza C. Sukia eta Oihana Lazkano debarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Beraz, bigarren mailan herriko bikote bat ziurtatuta izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Alde horretatik pozik gaude", azaldu dute.

Neurketa horren ondoren, 19:45ean, berriz, Miren Gisasola eta Alaitz Almortza eibartarrek osatutako bikotea Jaione Arreitunandia eta Iara Urkiri mutrikuarren aurka ariko da. 

Igandean (azaroak 16) lehen mailakoen txanda izango da. 10:30ean hasita, Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpa oiartzuarrek Yolanda Mateos elgoibartarraren eta Iratxe Astigarraga debarraren aurka lehiatuko dute finalerako pasea. 12:15ean hasita, azkenik, Amaia Aizpuru azkoitiarra eta Elaia Oiartzabal debarra Sonia Tomas eta Miren Artetxe debarren aurka ariko dira nor baino nor indartsuago.