Nerea Loiola Pikazak (Deba, 1985) Oraire kaleratu berri du. Fantasiazko lana da eta, idazleak berak azaldu duenez, irakurlea bera da liburuko protagonista, istorioan kontatzen dena haren esku baitago azken finean. Hala dio ale berriaren sinopsiak ere: "Misterioak, arriskuak eta abenturak aurkituko dituzu. Erabakiak hartu beharko dituzu eta enigmak ebatzi. Zure adimena eta abileziak erabili beharko dituzu. Erabaki txar batek hondamendia eragin lezake… eta heriotza ere bai! Baina ez etsi. Edozein unetan egin dezakezu atzera eta beste aukera bat hautatu, zure istorioaren ibilbidea aldatu dezakezu".
Horiek horrela, Oraire liburuko protagonista ezagutzera eta "abentura berri honetan murgiltzera" animatu ditu irakurleak: "Agian izaki eta leku berriak ezagutuko dituzu, agian gure planetaren etorkizuna zure esku egongo da, agian zure bizitzako abenturarik zirraragarriena izango da; edo agian ez, agian ezingo duzu inoiz etxera itzuli, agian indar ilunak gailenduko dira eta ezingo duzu gertatu zaizuna inoiz kontatu, agian dena amaituko da betiko. Ausartuko zara?".
Liburua 10-14 urte bitartekoei zuzenduta dago eta Eskapu bildumako laugarren lana da. Idazleak 2022an kaleratu zuen bere lehen eskapu liburua, Zazpi G, eta haren ondoren iritsi ziren Azken denbora (2023an) eta AHT Abiadura Handiko Trena (iaz).