Abian da tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak bultzatzeko bonu kanpaina

Berriketan 2025eko azaroaren 12a

Herritarrek 50 euroko bonuak 35 euroren truke erosi ahal izango dituzte, azaroaren 14tik aurrera, Turismo Bulegoan.

Debako Udalak Erosi Deban – Bizi Deban bonu kanpaina jarri du martxan, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak dinamizatu eta bultzatzeko helburuz.

Nabarmendu dutenez, "tokiko kontsumoa sustatzeko programa hau Debako ehun ekonomikoa indartzeko udalaren konpromisoaren parte da; batez ere hurbileko merkataritzari eta tokiko establezimenduei laguntzeko ekonomia jasangarriagoa eta hurbilagoa eraikitzeko giltzarria den testuinguru batean".

Kanpainaren baitan 665 bonu jarriko dituzte salgai, eta azaroaren 14tik aurrera egongo dira eskuragarri Debako Turismo Bulegoan. Bonu bakoitzak 35 euroko prezioa izango du, baina benetako balioa 50 eurokoa izango da, 10 euroko hiru txartel eta 5 euroko lau deskontu txarteletan banatuta.

Bonu bat erosi nahi dutenek Deban edo Mutrikuko Urazamendik auzoan erroldatuta egon beharko dute, 16 urte baino gehiago izan beharko dituzte eta erosteko unean NANa aurkeztu beharko dute. Pertsona bakoitzeko bonu bakarra erosi ahal izango da, eta horiek erabiltzeko epea abenduaren 15ean amaituko da.

Udalak jakinarazi du 9.975 euro bideratuko dituela kanpaina hau diruz laguntzeko, tokiko ekonomia indartzearen aldeko apustua berretsiz.

Azaroaren 14an

Kanpainan parte hartu ahal izango dute baldintzak betetzen dituzten udalerriko merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-arloko establezimendu guztiek. Parte hartuko duten establezimenduen behin betiko zerrenda azaroaren 14an argitaratuko da, eta egun horretan hasiko da bonuen salmenta.

Udalak gogorarazi du kanpaina honen helburua tokiko ehun ekonomiko osoari laguntzea dela. Ildo horretan, Asier Urain Merkataritza, Turismo eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak zera adierazi du: "Bonu hauek Debako sektore guztiak indartzeko balio izatea nahi dugu: tokiko merkatutik hasi eta saltoki txiki, ostalaritza eta zerbitzuetaraino. Horregatik, debarrak bonuen erabilera arduratsua eta orekatua egitera animatzen ditugu, euren erosketak eta kontsumoak establezimendu mota ezberdinetan banatuz. Horrela, guztion artean, inpaktu handiagoa lortuko dugu eta gure tokiko ekonomia benetan indartuko dugu".

Kanpaina iragartzeko kartela eta informazio osagarria HEMEN ikusgai.