Loreto Aramendik kontzertua eskainiko du Deban, 2025eko Gipuzkoako Organo Zikloaren barruan

Berriketan 2025eko azaroaren 11

Santa Maria elizak Gipuzkoako Organo Zikloaren barruan saio berri bat hartuko du ostiralean (azaroak 14), 20:00etan. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Debako Santa Maria Elizak kontzertu berri bat hartuko du Gipuzkoako XXXVI. Organo Zikloaren barruan. Organo musika lurraldeko hainbat herritara hurbiltzea helburu duen egitasmoko hitzordua ostiralean (azaroak 14) izango da.

20:00etan hasiko da musika errezitaldia eta, udalak herritarrei gonbita luzatzen die kontzertura hurbiltzeko, "musikaz gozatzeko eta elkarrekin une atsegin bat partekatzeko". Sarrera librea da, lekuak bete arte.

Loreto Aramendi organista ezaguna izango da artista gonbidatua. Udalak iragarri duenez, barroko, erromantizismo, garaikide eta aurrerakoiko musikak uztartuko dituen errepertorioa dakar organo-jotzaile oriotarrak Debara. "Kontzertuak egitarau anitza izango du, estilo eta garai desberdinetako lanekin. Buxtehude, Ravel, Brahms, Jehan Alain, Karen Tanaka, Distler, Rameau, Arvo Pärt eta Duruflé konpositoreen piezak entzun ahal izango dira. Aukeraketa honek musika klasiko zein garaikidea uztartzen du".

Loreto Aramendiri buruz

Donostiako Santa Maria Koro Basilikako Cavaillé-Coll (1863) organoaren organista titularra da Aramendi, eta aski ezaguna da mundu horretan. Azaldu dutenez, ibilbide luzea eta zabala du nazioartean. "Ohikoa da Parisko Notre Dame, Madrilgo Auditorio Nazionala edo Tokyoko Opera City Hall bezalako aretoetan jotzen".