Arimen Gaueko talde eragileko kideek eskulan tailer berri baten proposamena egin dute

Berriketan 2025ko urr. 28a, 11:32

Antolatzaileek iragarri dutenez, Arimen Gauerako apaingarriak egingo dituzte gaur (urriak 28) Kultur Elkarteko liburutegian egingo den ikastaroan. Bestalde, ostiraleko (urriaren 31) hitzordu nagusia aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela jakinarazi dute.

Gero eta gertuago dago Arimen Gaua. Urriaren 31n ospatuko dute ekimen berezia eta, iaz egin bezala, arropa zaharrekin mozorrotzera gonbidatu dituzte herritarrak. Herriko txokoak ere apainduko dituzte eta, apaingarri horiek nola egin irakasteko asmoz, tailer bat eskainiko dute gaur (urriak 28), Kultur Elkarteko liburutegian; honakoa egingo duten bigarrena izango da.

Gaur, 18:00etan hasita izango da hitzordua, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, Arima esnatzaileak nola egin ikasteko aukera izango da. Ikastaroan erabiliko duten materiala zein izango den ere iragarri dute antolatzaileek eta, parte hartzaileei ahal duten guztia eramateko eskatu diete, baita bururatzen zaien beste edozer ere.

Eskulanak egiteko, besteak beste, plastikozko botilak, karrozari-zinta, guraizeak, artilea, arroz aleak edo txitxirioak eta kartoia erabiliko dituztela azaldu dute. 

Boluntario bila

Bestalde, ostiraleko (urriaren 31) hitzordu nagusia aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela jakinarazi dute. Boluntario bezala parte hartu nahi dutenek @arimengauadeba Instagram kontura edo arimengauadeba@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidali dezakete. Nahiago dutenek Whatsapp mezu bat ere igorri dezakete ondoko zenbakira: 635 70 43 10.