Benigno Rodriguez asturiarrak irabazi du kaleko 56. margo sariketa

Berriketan 2025ko ira. 16a, 11:03

Guztira, 29 margolarik parte hartu zuten larunbatean (irailak 13) jokatu zen sariketan. Antolatzaileek aurtengo "parte-hartze eta maila artistiko handia" nabarmendu dituzte. 

Joan den larunbatean (irailak 13), Debako Udalak Cardenas Fundazioaren eta Haitz Haundi Arte Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen kaleko margo sariketa jokatu zen. 56. edizioa izan zen larunbatekoa, eta adin eta jatorri askotariko margolariak batu ziren bertan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 29 lagunek eman zuten izena. "Horietatik 28k aurkeztu zituzten beren lanak, tokiko kultur egutegiko klasiko honek pizten duen interesa berretsiz. Parte hartzaileen artean, gainera, bi debar izan ziren: Miren Esnal eta Endika Arriola", zehaztu dute. Nabarmendu dutenez, sormen artistikoa eta giro ona izan ziren nagusi. "Parte-hartze eta maila artistiko handia izan dira". 

Benigno Rodriguez 'Maxpe' lanarekin

 

Parte hartu zuten margolariek ia goiz osoa eduki zuten aire zabalean margotzeko eta lan guztiak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki zuen Benigno Rodriguez asturiarraren lana zela onena; 800 euro jaso zituen, Maxpe lanarengatik. Bigarren saria, berriz, Fernando de Vicenterentzat izan zen; Txalupa lanari esker, 500 euroko saria eskuratu zuen.

Iker Mugarrak jaso zuen hirugarren saria; 350 euroko saria eman zioten, Ostolaza kalea izeneko lanarengatik. Cardenas Fundazioak eskainitako 200 euroko laugarren saria, azkenik, Julio Gomezentzat izan zen, Plaza lanagatik.

Cardenas Fundazioaren bestelako sari berezi batzuk ere banatu zituzten lehiaketan, honakoak:

  • Maria Esperanza Chavarri akuarela saria. Carlos Espigaren Paseo publico lana, 300 euro.
  • Marques de Prado Ameno sari berezia. Irati Uzkudunen Casa campo lana, 150 euro.
  • Blanca Vilallonga saria. Marto Bravoren Casa campo lana, 300 euro.
Lanen erakusketa irekia

Antolatzaileek azaldu dutenez, sariketara aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat antolatu dute. Lanak igandera (irailak 21) arte ikusgai egongo dira Agirre jauregian, ondoko ordutegian: astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era eta, igandean, 12:00etatik 14:00etara. "Debako Udalak herriko kaleak eta paisaiak kolorez eta sormenez bete dituen lanak ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak".