Deban egin dute eskualdeko EAJren alkategaien aurkezpena

Berriketan 2023ko mar. 30a, 11:18
EAJ eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi horien helburua “Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea” dela esan dute.

Alderdi jeltzaleak igandean (martxoak 26) Deban egindako ekitaldian honako zerrendaburuak aurkeztu zituzten: Alazne Txurruka Allika (Deba), Josu Mendikute Rodriguez (Eibar), Maialen Gurrutxaga Uranga (Elgoibar), Iñaki Arregi Uria (Mendaro), Ion Gambra Ibarzabal (Mutriku) eta Iker Aldazabal Basauri (Soraluze). Eurekin batera izan ziren Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia, Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urolako zerrendaburua eta Irune Berasaluze Lazkano Gipuzko Buru Batzarraren Idazkaria eta Debabarrena eskualdeko burukidea ere.

Foruen Plazan egindako ekitaldian eskualdeko hautagai guztiek hartu zuten hitza. Alazne Txurruka Debako alkategaiak, besteak beste, turismoa eta trena izan zituen mintzagai; herriak alor horretan dituen aukerak baliatzeko proposamenak egin zituen. Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak, berriz, gizarte politiketan ipini zuen arreta. “Babes sozialeko sistema indartzen” jarraitu eta, zahartzearen aurrean, “sistema jasangarri” egiteko konpromisoa hartu eta kalitatezko zaintzaren bermea aldarrikatu zuen.

Bide horretan, “Gipuzkoak gizarte politiken abangoardian” jarraituko duela azpimarratu zuen. “Garai berrietara egokitzeko, eta etorkizuna bermatzeko, gure gizarte politikek etenik gabeko berrikuntza behar dute. Eta hori da Eusko Alderdi Jeltzalea egiten ari dena, adibidez, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan”. Jakitera eman zuenez, “aldaketa arkitektonikoa” gauzatzen ari da jada egoitzetan, eta datozen urteetan zortzi egoitza berri eraikiko dituztela ere iragarri zuten.

Etorkizunera begira jarrita, “hurrengo belaunaldien ongizatea” jarri zuen jomugan diputatu nagusi izateko hautagaiak. “Horretarako, gure ardatzei heldu behar diegu, eta biharko egunera begiratu: enpresak bultzatu, ekonomia garatu, herritarrak babestu eta giza eskubide guztiak defendatu”. Debabarrenari dagokionez, berriz, elkarlanaren aldeko mezua nabarmendu zuen. “Orain, guk hartzen dugu lekukoa. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Debabarrena, Deba, Mendaro, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku… eta Gipuzkoak norabide argi batekin, herritarrekin elkarlanean, aurrera egiteko bultzatzen jarraitzeko ardura. Hori da hartzen dugun konpromisoa”.

Deba-Urola barrutiko hautagaiak ere hartu zuen hitza. EAJren “helburu politikoa euskal nazioa eraikitzea” dela adierazi zuen Maria Eugenia Arrizabalagak eta nabarmendu zuen alderdi jeltzaleak “asmatu” egin duela erabaki estrategikoetan. “Euskararen aldeko politiketan eta aberrigintzarako erabaki estrategikoetan ere asmatu egin du, izan ere, EAJren helburu politikoa euskal nazioa eraikitzea delako”.