Kolore Anitz Aisialdi Taldeak 10. urteurrena ospatuko du asteburuan

Berriketan 2023ko ira. 19a, 13:49
Haur eta gazteen artean euskarazko aisialdia sustatzeko helburuz sortu zen taldeak hamar urte betetzen ditu aurten. Urteurren borobila ospatze aldera, askotariko ekintzez osaturiko egitaraua prestatu dute.

Egun nagusia larunbata (irailak 23) izango bada ere, Zuhatza elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldeko kideak bezperan (irailak 22) hasiko dira ospakizun handirako motorrak berotzen. Berezitasun bezala, taldearen ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa bat prestatu dute, eta hori ikusteko aukera egongo da 18:30etik 20:30era, udaletxeko arkupeetan. Larunbatean ere ikusi ahalko da erakusketa, 11:00etatik 13:00etara.

Ospakizunera begira, gainera, herria morez janztea da taldearen nahietako bat eta, horretarako, taldearen kolore bereizgarria den more koloreko kamiseta berriak atera dituzte. Munduz mundu hegan egin euskaraz biziz Kolore Anitz leloa bizkarrean daramaten elastikoen salmenta postua erakusketa gunean ipiniko dute. Haurrentzako materiala 12 euroan eskuratu ahalko da eta helduena, berriz, 15 euroan.

Larunbatean, berriz, jolasean hasiko dute eguna. Foruen Plazako hitzordura agertzen diren Haur Hezkuntzako ikasleek eskulanak egiten arituko dira eta LH1 eta LH6 bitartekoek, berriz, ginkana antzerako ekintza batean parte hartzeko aukera izango dute. “Ekarri bizikleta, patinetea (elektrikoa ez), skatea edo patinak, eta goazen herria koloreztatzera”, esan dute taldeko begiraleek.

Festa giroa igandeko ordu txikiak arte luzatzeko asmoa agertu dute Kolore Anitzeko begiraleek

Goiza jolasean eta eskulanak egiten ibili eta gero, bazkaritan batuko dira Kolore Anitzeko kide eta kide ohiak izandakoak. Iluntzean jarraituko du jaiak, musikaz zipriztinduta. Hasteko, Debako batukadako kideen txanda izango da, eta herriko kaleetan batutakoak dantzan jarri ondoren, karropoteoan Gaztetxeranzko bidea hartuko dute.

Festa giroa igandeko (irailak 24) ordu txikiak arte luzatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Gaztetxera bertaratzen direnek Zatekeen erromeria taldeak eskainiko dituzten kantuekin gerriak astintzeko aukera izango dute lehendabizi eta, ondorengo orduak Ñozz elektrotxarangak girotuko ditu. Gau osoan, gainera, “izugarrizko sariak” banatuko dituen Kolore Anitz tonbolan parte hartzeko aukera egongo dela aurreratu dute.

Asteburura begira antolatu duten ospakizun festan murgiltzeko “irrikaz” daude Kolore Anitzeko kideak, eta antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte aisialdi taldearekin harreman estua izan dutenak eta, oro har, herritarrak.

EGITARAUA

  • Irailak 22, ostirala
    • 18:30-20:30. Kamiseten salmenta postua eta argazkien erakusketa, udaletxeko arkupeetan.
  • Irailak 23, larunbata
    • 11:00-13:00. HH eta LHko haurrei zuzendutako ekintza, kamiseten salmenta postua eta erakusketa, udaletxeko arkupeetan.
    • 19:00. Batukada.
    • 20:00. Karropoteoa.
    • 22:30. Gaztetxearen irekiera.
    • 23:00. Zatekeen erromeria.
    • Ondoren. Ñozz elektrotxaranga.