Urriaren 22an ospatuko da Kolore Anitz Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2022ko urr. 17a, 09:30

Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldeak hilaren 22rako (larunbata) deitu du hurrengo hitzordua.

Beste behin ere, Kolore Anitz Egunaren baitan adin guztietako jendeari zuzendutako ekimenez gozatzeko aukera egongo da herriko txoko ezberdinetan. Haurrentzako jolasak izango dira aukeran goiz partean, eta gazteentzako musika emanaldiak, aldiz, gauean. Ospakizunerako antolatutako egitarauari 10:30ean emango zaio hasiera, Lehen Hezkuntzako haurrentzat Aldats pilotalekuan antolatutako jolasekin. Eta, eguerdian, Haur Hezkuntzako umeei zuzendutako txoko bereziak prestatuko dituztela jakinarazi dute aisialdi taldeko begiraleek.

Gau partean izango du jarraipena ospakizunak. Albokoak Jo Dezala txarangaren kontzertua izango da 22:00etan, Gaztetxean, eta ondoren DJa izango da bertaratutakoentzako musika jartzen. Txakurtxo beroak eskainiko dira bertan eta tonbola ere egingo dute.

Kolore Anitz taldeak gogorarazi bezala, “aisialdiari eskainiko eguna izaten da Kolore Anitz Eguna, adin guztietako jendeari zuzendutakoa, azken finean ez baita adin mugarik ongi pasatu ahal izateko”. Hori hala, hitzorduan parte hartzeko dei egin diete herritarrei.