Garaipenak pilatzen jarraitzen dute Luaran tenis klubeko gazte debarrek

Berriketan 2023ko mai. 3a, 09:18
Azken asteotan “emaitza txukunak” lortu dituzte kimu mailako jokalariek. “Askotariko” emaitzak lortu badituzte ere, esperientzia “oso positiboa” izan dela azpimarratu dute klubeko ordezkariek.

Sergio Urriza Luaran tenis klubeko arduradunaren iritziz, kimu mailako jokalariak “urrats politak” ematen ari dira. Maila horretan lehiatzen ari diren debar gehienak lehen urteko jokalariak dira, eta txapelketa munduan murgildu diren lehen urtea izanda, pozik daudela gaineratu du Urrizak. “Aurkarietako asko gu baino ohituago daude lehiatzera, izan ere, Gipuzkoan kimu mailatik aurrera hasi daiteke txapelketak lehiatzen. Azken finean, aurkariek aurretik duten esperientzia hori guztia igarri egiten da jokoan eta, nola ez, emaitzetan”.

Hori guztia kontuan izanda, azken asteak “oso oparoak” izan direla ondorioztatu du Luaran tenis klubeko arduradunak. Parte hartu duten bi txapelketatan finalera iritsi dira, eta Euskadiko txapelketan ere “fin” ibili dira. “Horrelako emaitzak oso pozgarriak dira eta, zentzu horretan, oso pozik gaude. Ikasten jarraitzeko motibatuta ikusten ditugu jokalariak; txapelketaz txapelketa potentziala dutela eta lehiatzeko gogoa dutela erakusten ari dira”.

Debako jokalari gazteek Gasteizen ospatu zen Euskadiko kimu mailako tenis txapelketa-Jose Luis Moro oroimenezkoan ere parte hartu zuten

Emaitzarik aipagarriena Anderson Quispek lortu du, Getxoko Fadura tenis akademiak antolatutako VII. Irekiako txapela bereganatuta. “Txapelketa horretan maila antzerakoa zuten jokalariak multzoka batu zituzten. Quispe, zehazki, hasiberrien multzoan aritu zen, eta horietan onena izan zen”. Txapelketako partida guztiak nagusitasunez irabazi zituen, eta finalean ere bikain moldatu zen Ander Morenoren aurka; 7-6 (2)/6-1 irabazi zuen.

Anderson Quispe, ezkerrean, Getxon irabazitako kopa eskuetan. Argazkia: Luaran tenis kluba.

Lander Oñederra, berriz, txapeldunorde izendatu zen Getxoko Jolaseta tenis klubak antolatutako Benjamin eta Kimu mailako Irekian. Gogor saiatu bazen ere, finalean ezin izan zuen Alex Galarza gainditu; 2-6/3-6 galdu zuen.

Debako jokalari gazteek Gasteizen ospatu zen Euskadiko kimu mailako tenis txapelketa-Jose Luis Moro oroimenezkoan ere parte hartu zuten. Debako bost ordezkarik parte hartu zuten txapelketan eta horietan emaitzarik aipagarriena Oihana Hernandezek lortu zuen. Hernandez, hain zuzen, finalerdietan kaleratua izan zen, Suyapa Bienzobasen aurka galdu ondoren.

Maiatzaren 6tik 14ra bitartean Irungo Txingudi instalazioetan jokatuko den Gipuzkoako kimu mailako txapelketan parte hartuko dute Debako tenis jokalari gazteek

Jakes Albizu, ordea, final-zortziretan kaleratu zuten, Diego Gabilondo txapelketako irabazlearen aurka galdu ondoren. Lander Oñederrari eta Anderson Quisperi, aldiz, elkarren aurka aritzea egokitu zitzaien. Txapelketan lehen partidan Quispe atera zen garaile, baina final-zortzietako hurrengo partidan kaleratua izan zen, Iñigo Soroaren aurka galdu ondoren. Oihan Vesga ere lehen partidan kaleratua izan zen, Jon Corbeiraren aurka galduta.

Lander Oñederra, Getxon irabazitako domina eskuetan. Argazkia: Luaran

Baina Luaran tenis klubeko jokalariak ez daude geldirik, eta maiatzaren 6tik 14ra bitartean Irungo Txingudi instalazioetan jokatuko den Gipuzkoako kimu mailako txapelketan parte hartzeko asmoa ere agertu dute. Taldeko kideek emandako datuen arabera, bost debarrek izena eman dute txapelketan, honakoek: Oihane Hernandezek, Oihan Vesgak, Lander Oñederrak, Anderson Quispek eta Jakes Albizuk. Asmo onenekin doaz txapelketan parte hartzera. “Jokoaz gozatu eta kantxan gure onena ematen ahaleginduko gara”.