“Esazu hitz bat” Euskaraldiaren abestia aurkeztu dute

Gero eta gutxiago falta da Euskaraldiaren hirugarren edizioa abiatzeko. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da aurtengo ekimena, hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera handitzeko helburuarekin. Data gerturatzen ari dela eta, azken orduetan aurkeztu dute Euskaraldia iragartzeko abestia: Esazu hitz bat.

Xabier Zabalaren musika eta Andoni Egaña bertsolariaren hitzekin sortutako Esazu hitz bat abestiari bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egaña hitzen egileak berak, Zea Mays taldeko kantari Aiora Renteriak, Petti musikariak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak, eta Ainhoa Larrañaga musikari eta aktore hernaniarrak. Kantarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu dute.